2012-06-06

Muu Herri Ekimenaren balorazioa

Ekainaren 3an Zestoako herriak, askatasun osoz, guk proposatutako aurrerapausoa ez ematea erabaki zuen. Hori izan da herriaren hitza eta erabakia, eta horrela onartzen dugu.

Bigarren irakurketa bat eginaz eta geureari begiratuta, ezin dugu ahaztu 542 pertsonek ezezkoa eman diotela zekorketei eta epe luzeko prozesu batean lorpen garrantzitsu baten moduan ikusten dugu. Zestoako zekorketak betebehar historiko eta betiko izatetik, aukera eta etengabe eztabaidagarriak izatera pasa dira.

Bestalde, oso pozik gaude egin dugun bidearekin: nola ez gara ba pozik egongo, atzera begiratu eta lan bikain bat baino ikusten ez dugunean? Modu lasaian bultzatu dugu elkarrizketa, fidelak izan gara argudiaketa bidez jendea konbentzitzeko estiloari, eta une oro jarrera eredugarria agertu dugulakoan gaude. Gu seguru gaude arrazoiketak eta kontzientziazioak eramango gaituela mota honetako ikuskizunen amaierara. Denbora kontua besterik ez da.

Bukatzeko, eskertu nahi genieke bereziki gure mezua zabaltzen lagundu diguten guztiei, aurpegia jendaurrean eman duten guztiei, kalean iritzia eman dutenei eta bukatzeko, noski, "odolik gabeko festa batzuen alde" eskaera eman duzuen guztioi: eskerrik asko bihotz bihotzez!

Muuxu bana guztioi!

2012-06-01

Erabaki ala inposatu?

Herriko festetan zekorketak egin edo ez egin erabakitzeko momentu hauetan zezenzaleak beldurraren diskurtso bat garatzen hasi dira.

Sorrarazi nahi diguten lehen beldurra: “nor zara zu guri zekorketak kentzeko?”. Zestoako zekorketak guztion ondare dira, eta gure herriko festetan ordurik onenak eta lekurik onenak bete dituzte gaur arte. Nork eskatu du hau? Nork inposatu du?
Ikusle kopuruaren pisua jarri digute mahai gainean, baina ikus ditzagun sarrerako datuak: 1980an 700 ikusletik gora ziren, eta suposatzen dugu beste batzuk egongo zirela beste zerbait egotearen alde. Gaur egun 400 ikusle pasatxo izaten dira, beraz ikusleen zati handi batek erabaki du ez duela joan nahi. Eta oraindik ere zekorketak ikustera joaten direnek bakarrik erabaki behar al dute? Oraindik ez da momentua, eta noiz? 4 ikusle daudenean, 4 hauei galdetuz gero ez da momentua izango.
Beraz ez sentitu inposatzaile, beraiek dioten bezala, herriak nahi badu ez da inposaketa. Eta ez badu nahi, erabaki demokratiko bat da, eta joko demokratiko orotan bezala, gehiengoaren nahia jarriko da gutxiengoaren nahiaren gainetik. Hori inposaketa da? Ez dugu uste.

Bestalde, gai etikoen inguruan, nahiz bestelako gaien inguruan, ardura politikoa duten herritarrek, herriaren ordezkari direnek, zilegitasuna dute arau etikoak nahiz bestelakoak inposatzeko guztion elkarbizitza hobetzeko. Erabaki politikoa da haurdunaldi bat moztu nahi duen emakumearen eskubidea lehenetsi, edo sortu berri den gizakiaren bizitza eskubidea lehenetsi erabakitzea. Edo nahi gabeko haurdunaldia moztea diru publikoz lagundu edo ez. Arau etikoak egiteko ardura izateaz gain, politikoek festak antolatzeko ardura ere badute, beraz, zilegia, koherentea, eta beharrezkoa litzateke udalak sinatutako legeak inposatzea. Hala nola “Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala”.

Inposaketaz hitz eginaz, aipatu nahi genuke, zezenketazaleak egiten ari diren xantaia  ere. Beraiek herriko giroa ez gaiztotzearen alde daudela diotenean, argi dago zekorketak egitea utziz gero erabaki honen alde gaudenak ez dugula liskarrik sortuko. Are gehiago esango genuke, Muu Herri Ekimena ekintza guztietan herritar guztiak errespetuz tratatzen saiatu da. Ez dugu hitz zakarrik, irainik edo deskalifikaziorik egin. Horregatik harro gaude gure ekintzez. Eta beti jarraituko dugu gure lagunen ondoan, nahiz eta zekorketak gustuko izan askok, eta oraindik ez ulertu ez egitearen zergatia. Errespetuzko erantzun bera espero dugu bueltan.

Ez erori beldurraren mehatxuan, guztiok maite ditugu festak, egin ditzagun guztiontzat festak!!


Mikel Odriozola Larrañaga

2012-05-31

Hainbat talde eta elkartek atxikimendua eman diote gure lanari

Behean sinatzen dugun elkarte eta taldeek, Muu Herri Ekimenak azken hilabeteotan "Odolik gabeko festen alde" egindako lana sostengatzen dugu eta ekainaren 3an Zestoan izango den eskaera jasoketan "Zekorketak EZ antolatzeko" eskatzera animatzen zaituztegu.



- A.D.D.A. (Asociación Defensa Derechos Animal)
- A.T.E.A. (Asociación para el Trato Ético con los Animales)
- A.V.A.T. (Asociación de Veterinarios Abolicionistas de la Tauromaquia)
- C.A.S. International (Comité Anti Stierenvechten)
- A.N.D.A. (Asociación Nacional para la Defensa de los Animales)

2012-05-29

Aurrera pausoa denontzat


Zure papeleta hartu eta iritzia eman aurretik, minutu bat eskatzen dizugu, galdera honi erantzuteko:

Animalia torturatu eta ezpataz akabatzen ikustea... beharrezkoa al dut nik ondo pasatzeko?

10 arrazoi zekorketarik gabe aurrera egiteko

  • Festa eta alaitasuna elkarrekin doazelako.
  • Herriko festen ikurra barrerak direla eta ez ezpata eta odola aldarrikatzeko.
  • Sentsibilitate desberdina dutenen parte parte hartzea bermatzeko.
  • Adin guztietako herritarrak gure festetan parte hartzera harrotasunez gonbidatzeko.
  • Aintzinatik datorren festa egokitu eta eguneratzeko.
  • Anbientea eta giro ona herritarren esku dagoela frogatzeko.
  • Elkarbizitza eta errespetuan oinarritutako kultura bultzatzeko.
  • Zatiketaren gainetik, plaza, festetako elkargune bihurtzeko.
  • Belaunaldi berriei aurrera begiratzeko aukera eskaintzeko.
  • Oraingo herritarrok, orain nahi ditugun festak antolatzeko.



Taurinoen baieztapenek zalantza eta galdera asko sortzen dizkigute

"Zestoa eta zezenak maite ditugulako, zezenei bai esateko arrazoiak" 
Zezenak maite eta ondo pasatzeko zezenak hil? Zezenak ala zezenketak?

"herritarrek hala nahi dutelako"
Zeintzuk dira herritarrak, zekorketetara joaten direnak bakarrik?

"errespetua merezi..."
Zezenek ez al dute errespeturik merezi? Ikuskizun honekin ados ez gaudenok ez al dugu errespeturik merezi?

"inposaketaren kontra"
Herritarren iritzia kontuan hartuko duen prozesua inposatzailea al da? Beti egin dena zalantzan jartzea inposaketa al da?

"elkarbizitzagatik"
Elkarbizitza ez al da eskubideen gainean eraikitzen? Zezenen tortura eta heriotzean oinarritzen den ikuskizuna elkarbizitzarako balio positiboa al da?

"gehitzea nahi dugu, ez kentzea"
Orain arte zekorketak arrazoitzeko beste ikuskizun eta ekintzak gutxiestea ez al da izan zuen jarrera? Orain arte zekorketen orduan beste ikuskizuna jartzea ez al duzue kritikatu?

"zatitutako festa ozpinduak baino..."
Zekorketak kentzeko jarrera nagusitzen bada, ozpindu egingo zarete? Zatiketa bultzatuko duzue? Orain arte hala egin al da? Zerk bereizten gaitu festetan? Ze koadrila ez da bereizten batzuk zekorketetara joateko, eta zekorketa amaitzean berriz elkartu?

"zezenak gure herriko zati garrantzitsua"
Eta herritarrak? Ez al gara herritarrak festen zati garrantzitsuena?

"beren burua ordaintzen dutelako"
Nork ordaintzen du ukuiluaren muntaia? Kamioitik ukuilura sartzeko pasabidea? Asegurua?...

"herriko festak maite ditugulako..."
Odolik gabeko festen alde egotea ez al da festak maitatzea?


Oharra: azken asteotan zekorketen aurkako ideiak zabaltzen diharduten bi blog anonimo sortu dira. Euskaraz bata, eta euskaraz irakurtzeko zailtasunak dituztenentzat, gazteleraz bestea. Eman ingurukoei blog hauen berri; pentsatu, hausnartu... eta animatuz gero, parte hartu!

2012-05-25

Bideoa gaztelerazko azpitituluekin

Gazteleraz azpititulatu dugu pasa den astean etxez etxe banatu genuen bideoa. Denbora arazoak medio, ezin izan genuen banatu aurretik egin. Hemen duzue bideoa:

Lehen zatia

Bigarren zatia

Hirugarren zatia


2012-05-18

Muu bideoa

Zekorketen aurka dauden herritarren iritziak bilduz, Muu Herri Ekimenak egin duen bideoa.

Lehen zatia

Bigarren zatia

Hirugarren zatia

Ikus-entzun eta hausnartu!!

2012-05-14

Laister ikusgai...


Muu Herri Ekimena egiten ari den bideoaren laburpena duzue honakoa. Laister izango duzue ikusgai!

Ekainaren 3an, eman ezezkoa zekorketei!